KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

ARGAZKIZALE ELKARTEA (RAMÓN SERRAS)


ARGAZKIZALE ELKARTEA

RAMÓN SERRAS

Argazkia

Arzaroak 17-Abenduak 17

ORDUTEGIA
Egunero: 18:00 - 20:00

LANAK ETA EGUNAK

Anjel Lertxundi

“Aisiak baino, lanak goratzen gaitu”

HESIODO, Lanak eta egunak

Homeroren garaitsu izan arren, mitoekin eta heroien balentriekin zer ikusi gutxi duen testu bategatik ezagutzen dugu Hesiodo, Lanak eta egunak bezalako nekazaritzari eta nabegazioari buruzko liburu bat ez baitzen batere ohikoa jainkoen eta gizasemeen arteko gatazkak kantatuzale zen gizarte hartan. Hala ere, Hesiodoren liburuak une garrantzitsua markatzen du Heladeko munduaren eta mendebaldeko kulturaren historian: Hesiodok, bere betiko publiko aisiazale eta aristokrataren belarriak heroien eta jainkoen istorioekin gozatu ordez, eguneroko bizitzara eta gizon arruntaren jardun-nekeetara zuzendu zuen begirada, eta, halatan, bizi ahal izateko lana egin beste biderik ez zuen orduko gizarte haren dokumentu eta espresio bikaina geratu zaigu.

Gizarte jakin baten dokumentu, argazki, isla. Baina baita espresioa ere.”Izakera baten barne-trenpuak ikusitako naturaren txoko” baten gisa definitzen zuen Émile Zolak artea. Batetik, aukera anitzen anabasa baten aurrean, bazter jakin bat hautatzen duen barne-trenpua. Eta, bestetik, bere berezko forma anitzen abanikoa zabaldurik, bakar baten aldeko apustua egiten duen barne-trenpua.

Hautamenak egin eta gero, artistak ekin ekiteko dio.

Ramon Serrasen ekimena sukartsua da halabeharrez. Islatzen den mundua ere sukartsua den modu berean. Serrasek ia asmatu ere egin duen bitarteko artistikoa ere-Polaroidaren manipulaketa-azkar eta sukartsua den gisan.

Argazki-kamarako kakoari eragin eta gero, artistak denbora doia du, argazkia berehala positibatzen baita, pelikula lehortu aurretik manipulatzeko. Nabarmenak dira argazkian ziri txiki batez egindako marra eta arrasto labur azkar urduriak.

Hartu berri den eszena distortsionaturik ageri da iada: pozkarioa, labur beharrez, sakonagoa da, iturburua eta emaitza txirikordatu, banatu eta urrundu, labaindu eta hegan hasten diren tarte txiki horretan.

Serrasek zehaztasunez eta gai ezagunari zor zaion begiramenez jasotako arrantzaleen bizitzak aintzina bateko Orduen Liburu haietako baten antza du: eszena ugarien detaile eta uneak harilkatu eta gero, ziriaren bidez lorturik distortsioak sukartasuna eta mugimendua azpimarratzen ditu; kolorearen eztanda eta argiaren haustura lehertarazten; arrasto iheskorren iradokizuna eta formen elkartze erabatekoak bideratzen.

Bizitza islatzen, hitz bitan esateko.

Ramon Serrasen lan honetan bada muga-mugako gaien agerpen ugari, xehe eta eta etenik

gabea. Egon badago atsedenaren aurreko une izerditsu sukartuaren muga. Egunetan eta egunetan horizonte bakarra izan den zeruaren eta itsasoaren arteko marra lanbrotsuak tokia egin dio moilari, zeinak itsasoaren eta lehorraren, lanaren eta atsedenaren, urruntasunaren eta etxearen arteko muga seinalatzen baitu.

Egotez hor daude ur gaineko islak ere. Airearenak. Gorputzenak, ontzienak, objektuenak. Isla gogoangarriak guztiak, egunaren argiari zor zaizkionak batzuk, artistaren ziriari besteak.

Halaber, badaude egon dokumentuaren eta espresioaren, interpretapenaren eta hausturaren, objektibitatearen eta manipulaketaren, halabeharraren eta hautamenaren arteko muga lanbrotsuak ere.

Garraoioa, garabiak, sokak eta kordelak, kaxak, sareak, gurdiak, ur-tutuak… Hor dago egon, in absentia badarik ere, beste sexua. Zain. Argazkietan ageri diren lana amaitzeko pozak eta presak –desioak- badute zer ikusirik enkontruaren hurbiltasunarekin.

Ahaztu da nekea, bazter utzi da, ez du tokirik. Iristear dagoen enkontruaren pozkarioa da nagusi. Ardo onaren esperantza. Ordu txikietako suspirioen eta konfidentzien hurbiltasuna (ontzian tragedia ziruditen gertakizunak, elkarrizketa koloreztatuko duten mikroelementuak izango dira soilik).

Zeruko edo itsas gaineko urdinak eta añilkoloreak uher eta hori harrigarriekin nahasten dira, eta halako irrealtasun fantastiko bat ematen diete argazkiei.

Artistaren lanak, azidoen herdoil-erreketak eta denboraren eraginak uraren gaineko islak balira bezalako halako sentsazio berezi bat, inoiz ez berdina eta beti berritzen ari dena, trasmititzen digu ikusleoi. 

 

anterior  
  siguiente


 Galeria  Aurkezpena  Diapositiba
    Erantsitako fitxategiak:
 
Katalogoa PDF [784Kbs.]



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz