KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

IÑAKI OLAZABAL

IÑAKI OLAZABAL

Eskultura


2019ko abuztuak 8 - irailak 15

 ORDUTEGIA
Egunero: 18:00 - 20:00

I.O. Metalezko aleazioen plastikotasuna


Euskal Herrian, eskulturaren garapena, gaur egun, bide eta proposamen nahasien aniztasun bat da; tradizio moderno eta abangoardista baten bir-asmaketatik abiatzen eta arteak naturarekin, izatearekin, identitatearekin, materiarekin, espazioarekin edo hutsarekin dituen harremanak finkatu eta esploratu zituzten izen handien pisua du. Proposamen haien pisu artistikoak eta kulturalak kanon edo arrasto ezabaezina utzi zuen ondorengo artistengan. Artistok ahaleginak egin dituzte euren aita fundatzaileak errespetatzeko, baina, aldi berean, baita haiengandik askatzeko eta haiek zalantzan jartzeko ere. Helburua da bai aurreko iturrietan bai eskultura abstraktuaren eta haren esanahi sinbolikoaren arteko lotura sendo eta saihetsezinean arakatzea. Eskultura hori, sarritan, estilo baten modura betikotu da. Batzuetan estigmatizatzailea eta astuna da; eta noizbehinka hurbilago dago tramankulu kulturaletik edo forma folklorikoen herentziatik.


Iñaki Olazabalen eskulturak ere egin du fundatzaileak eta euskal eskultura berriaren joera berritzaileak omentzeko baina, aldi berean, haietatik urrutiratzeko ibilbide hori. Formen izaera eraikitzailera itzultzearen aldeko apustua egiten du bere lanetan, eta horren inplikazioa oso adierazgarria da formak espazioan hartzen duen itxura sinbolikoan.


Iñaki Olazabalek autonomia formala lortu du bere piezetan. Ematen du euskal eskultura abstraktua gainditzetik sortzen direla piezok, nahiz eta haren arrasto edo keinu batzuk gordetzen dituen (maklatuak, espazialtasunak edo hustuketak), baina materialaren tratamenduan eta egiturazko artikulazioan ekarpen berezi bat eginda. Formaren presentzia erradikalizatu egiten du, saiakeraren eta makurduraren esanahiak ezkutatzen dituen irrika eraikitzaile batean. Adibidez, soldatzeko moduan, metalezko txapak gainjarri egiten ditu urtutako materialarekin. Material urtuak tantakatu, zikindu eta aberetu egiten ditu azalerak, eta testurak eta akabera indartzen ditu, zinkaren eta eztainuaren gris neutroetan herdoilduta; horiek, aldi berean, zehaztu egiten dituzte formak —aplikatutako ofizioaren bidez humanizatutakoak—, eta, gainera, forma horiei erregistro epidermikoak ekartzen dizkiete, filiazio alemaniarraren adierazkortasun neurritsu batean.


Iñaki Olazabalen piezek kanpoko elkarrizketa bat sortzen dute bere piezen eta elementuen artean: lan batzutan, paisaiaren eta lurraldearen alderdi batzuk mugarri bezala seinalatzeko edo markatzeko (adibidez, ibai baten ibilbidea, memoriaren leku bat), edo, naturan, eskala monumentalean egindako leihoak eta ateak irekitzeko eta horietatik barrena begiratzeko. Forma konposatuak dira, jatorri geometriko arrazional batetik abiatutakoak, eta, emaitza modura, egituratze abstraktua, eduki sinbolikoak eta anbibalentzia eragiten dituzte itxura organikoaren eta bere gauzatzearen osakera metalikoaren artean.


Olazabalen ustez, egituraren ebidentzia, objetutasun materiala eta erakusten eta ezkutatzen dutena dira bere obraren berezitasunak. Horiek guztiek bere itxuraren sendotasun zatikatua erakusten dute, bai eta material industrialetan sortutako oinarrizko formak ere, tradiziozko materia arketipikoetatik urrunduta (egurra, harria, burdina). Obrek elkarrizketarako posibilitatea edo ezintasuna, itxikeria edo bere barruan harrapatutako sentimentaltasun hauskorra ezkutatzen dituzte, txapazko kutxa eta poliedro batzuetan eta gertuko edo parez pare jarritako irudietan.

Beste batzuetan, berriz, azaleran pintatutako zeinuak erakusten dituzte, bere izaera totemikoari erantsitako seinaletika primario moduan, eta beti tentsio bat ezkutatzen dute organikoa den horren eta eraikitakoa den horren artean. Pieza konposatu batzuek hormaren mendekotasuna bilatzen dute, aingura gisa, eta koloretako elementu txertatuak izaten dituzte —formen aktibatzaile—, edo zalantzan jartzen dituzte balio sozial eta politikoak (adibidez, Medallas sailean).

Iñaki Olazabalen izaera pertsonalaren eta artistikoaren askatasun indibidualak borondate adierazkor irmo bat dauka, zeina obra sendo batzuetan birsortzen duen, aleazio metalikoen itxura batekin. Horiek nahastu egiten dira kontrako formekin, hondakin naturalekin edo denborak arkeologizatutako industriaurreko piezekin. Eskultore egiazale eta zuzen baten aparteko ezaugarriak.

 

 

Javier Balda, 2016ko azaroa

 


    Erantsitako fitxategiak:
 
Katalogoa PDF [667Kbs.]



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz