KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

SURFA EUSKAL KOSTALDEAN

 

SURFA EUSKAL KOSTALDEAN

Irailak 15 - Azaroak 6

ORDUTEGIA
Egunero: 18:00 - 20:00

Surfaren industria txiki bat sortu zen Zarautzen, kirol hori –gaur egun ezagutzen dugun surfa– bere ibilbidea egiten hasi baino lehenagotik. Ez zen ohiko surf-industria bat, baina bazen olatu gainean irristatzen ibiltzera bideratutako jarduera bat. 50eko hamarkadan Marcelo Linazaroso Egañak, Zarautzen bizi zen arotz zumaiarrak, faktoria txiki bat inauguratu zuen bere aroztegian txanperoak egiteko. Txanperoak egurrezko oholak dira, eta olatuak etzanda hartzeko erabiltzen dira, gaur egun Body Boarden egiten den bezala. Piraguen ekoizpenean eskarmentua zuen Linazasorori Biarritzetik gertuko hondartzaren batean zegoela bururatu zitzaion txanperoak egitea. Ideia Gipuzkoako kostaldera eramatearekin ez zuen nahikoa izan, eta eredu frantsesa hobetu nahi izan zuen fabrikazio-prozesuan berritasun bat gehituz: oholaren isatsa borobildu zuen, surflariaren gerrira hobeto egokitu zedin. Horrela, Linazasorok egindako txanperoak ergonomikoagoak, egokiagoak eta erabilerrazagoak ziren, eta, horrek hobekuntza handia ekarri zuen.

Txanpero horiek Zarautzen egin ziren 1950etik hirurogeita hamarreko hamarkada arte, gutxi gora behera, eta garai hartan nagusitu ziren txanperoak hondartzetan. Hirurogeita hamarreko hamarkada hasieran agertu ziren Zarauzko hondartzan Patxi Oliden “Danboril”ek Orion fabrikatutako Itxastresna oholak. Oso gutxi garatutako fabrikazio motan eginak ziren, Olidenek surfari eta oholei buruz zuen ezagutza txikiarekin. Egun batean, Orioko hondartzan zegoela, surfean ari ziren bi atzerritar behatu zituen, eta haien oholak aztertu ondoren hasi zen bere ideiari forma ematen.

Surfa herriko jendearentzat kirol ospetsu bihurtzea nahi zuen, eta horregatik hasi zen surf-oholak egiten, batez ere, Zarauzko surflarien artean arrakastatsuak izan zirenak. Gaur egun, Itxastrenak bildumazaleen objektu bilakatu dira, eta estimu eta balio handia dute. Linazasorok eta Olidenek lanabesak sortu zituzten txanperoen eta surf-oholen fabrikaziorako. Eskuzko makinak ziren –haien beharren arabera egindakoak– gilak egiteko poliesterra kofratzeko edota egurrari forma emateko erabiliak. Ez ziren urte asko pasa surf-oholak modu profesionalago batean fabrikatzen hasteko, eta, oholen ekoizpenerako teknologia asko hobetu bazen ere, teknologia berri hura herrian ezartzeko prozesua mantsoa izan zen.

Hirurogeita hamarreko hamarkada bukaeran, euskal eta kantabriar surflari talde batek faktoria bat ireki zuen Kantabrian, non Santa Marina markako surf-oholak ekoizten zituzten. Santa Marina marka aitzindaria izena aldatuz joan zen pixkanaka. Santa Marinaren jaiotzetik gutxira, Jerómino izena jarri zioten –J-z idatzia–; ondoren, Gerónimo –G-z–; eta, azkenik, hirurogeita hamarreko hamarkada bukaeran, Pukas izendatu eta lantegia Zarautzera aldatu zuten. Pukas berehala bilakatu zen munduko surf-faktoria handienetako bat; eta, besteak beste, Soni Garcia eta Gabriel Menida bezalako surflari ospetsuek erabili zituzten Pukas markako oholak nazioarteko zirkuituan. Pukaseko industria-jarduerak, egun, zenbait sektore hartzen ditu eta guztiek dute, noski, surfarekin zerikusia: surf-oholen fabrikazioa eta banaketa, surfean ikasteko eskolak eta surfeko arroparen ekoizpena eta salmenta.

Laurogeiko hamarkadan oholak ekoizten zituzten lantegi txikiak ugaritu egin ziren Zarauzko garaje eta trastelekuetan. Lantegi txiki horien jarduna ez zen enpresa-jardueratzat hartu eta irabazteko asmoa bigarren leku batean zegoen. Lantegi horiek hainbat koadrilatako neska-mutilei saltzen zizkieten surf-oholak. Denborarekin, eta surferako materiala demokratizatu ahala, lantegi txikien produkzioa desagertuz joan zen. Milurteko berriarekin faktoria berriak sortu ziren, baina ez zuten aurreko trastelekuen antzekotasunik, ez eta eskuz egindako ekoizpenarekin zerikusirik ere. Faktoria berriak teknologia aurrerapen berrienekin sortu ziren, eta horien adibide dira: Essus, Moor, Illusions edo Cabianca faktoriak. Cabiancak bere instalazioak jarri ditu duela gutxi Zarautzen. Surf-elkarteak ere sortu dira, beren ereduak lokal komunetan sortzea helburu, irabazi asmorik gabe, sormenezko eta eskulangintzako jarduera gisa, besterik gabe.

Gaur egun, Zarauzko surfaren industriak garatzeko zenbait esparru ditu zabalik; beste batzuen artean, arestian aipaturiko marken ekoizpena, eta olatu artifizialak sortzeko ingeniaritzaren garapena. Horren adibide dugu Wave Garden proiektua. Dena den, Zarauzko surf munduan azkarren garatu den negozioa da hasi berrientzat dauden surf-eskolak. Zarauzko hondartzak surf-eskola sorta bat du; eta, eskola horiek, surfean ikasteko kalitate handiko programak eskaintzen dituzte. Kasu honetan, aipagarria da surfaren industria eta surfa bera direla Zarauzko turismoaren bultzagarri nagusienak.

 

anterior  
  siguiente


 Galeria  Aurkezpena  Diapositiba


Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz