KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

ANA ISABEL ROMÁN

ANA ISABEL ROMÁN

2018ko uztailak 12 - irailak 15

ORDUTEGIA
Egunero: 18:30 - 20:30


Lorik gabeko makina  

 

1 Lehergailu mekaniko bat, urdina, hesi baten edo parapeto gorri baten parean; asmazioaren besoa ezkutu batean bukatzen da, edo ezkutu baten antz handia daukan zenbaitetan, badirudi bere burua babesten dagoela, baina inoiz ez dugu jakingo norengandik edo zeretik babesten den; litekeena da hesiak makurtuta eta zain dagoen arriskuren bat ezkutatzea, litekeena da erakusten duen paralisi horren atzean mehatxu bat ezkutatzea, agian hesia bera izango da arriskua. Makina deskantsatzen dagoela ematen du, deskantsatzen bere lerroan, bere marrazkian, marrazkiaren kolore ilunean, eta begira dagoela ere ematen du, ezkututik begira dagoela. Hesi horretan bertan edo hesiaren atzean hazten imajinatzen dugun arrisku hori litekeena da bere funtzionamendua elikatzen egotea eta lotzen gaituen edozein atabismoren aurka, eta litekeena da inoiz ere beldurrik ez ematea, makinak, guk ez bezala, inoiz ez duelako lorik egiten. Makina bizi edo hil egiten da.

 

1.1  Joko honek emozionalki lotzen ditu natura eta makina, eta errepikatu egiten da hainbat obratan handituta; obra horietan hesia, hau da, unibertso fisikoa normalean arbola bat edo arbola multzoa izango da, beti sintetikoa, eta artifizioa aldagaia, bere eredua obra batetik bestera aldatzen joango delako. Hemen makina ezagutu egiten da, izan ere, gizaki bilakatu eta etxekotu egiten duen metamorfosi edo eraldaketa horrek etengabe jarraituko du. Atzean planoa geratzen da, paisaiaren irudikapen lineala eta murriztua, bere benetako irudikapena, bera izendatzeko erabiltzen den kolorea.

Makina ez da basati jaiotzen, ez dauka etxekotu beharrik. Makina basatia hondatutako makina besterik ezin da izan. Makina bat etxekotzea menderatzea izango litzateke, baina makina, bere izaera funtzionalagatik, menderatuta jaiotzen da, eta nork menderatzen duen, bada… berak ezagutzen ez duen eta galbidetik eta kaltetik alde egitera behartzen duen ordena batek.

Makinak ezin du makinatik ihes egin. Makinak makinatik ihes egingo badu bitartekari baten bitartez izan beharko da.

Makina zeinu bilakatzen denean, esate baterako, paisaia, orduantxe egin dezake ihes bere baitatik, eta orduantxe izango du galtzeko gaitasuna; gaitasuna, berriro basati jaio eta etxekotzeko, abiatu ere egin gabe itzultzeko, irten ere egin gabe sartzeko. Gaitasuna, gauza bera izanda ere beste gauza bat izateko, berriz ere bere izena esaten denean guk izatea nahi dugun hori izateko.

Makinari, dena dela, ia gauza guztiei bezalaxe, berdin dio sinbolo edo zeinu bihurtzen badugu, edo beste zerbaitetan… hitz batez, berdin dio bere izena esaten badugu ere.

 

2 Barruko espazio bat, zati bat, bertan ez da inortxo ere bizi eta badirudi jartzen zaion mugatik haratago joan nahi duela eta ontzi bilakatu, birpopulatua, berrerabilia, berreraikia eta berrizendatua izango delako. Baita inbentario-joko bat ere: berriz ere makina eta bere luzapenak, lanpara eta etxea, eta etxean antzematen den guztia, lorategia, soinekoa, altzaria, iturria, baso itxia, labirintoa. Soinuak, sinusoide bikoitz baten moduan, batzuetan gurutzatu egiten du eszena, eta pentsatzen dugu berriz ere marrazten duela xuxurla bat gogoratuz,… aldarrikatuz, agian dardarizo txiki bat, oreka arraro bat konbultsioan, dardaran, agian elkarrizketan. Soinua, nahitaez, paisaia bera ere bada, garai batean galdu zena eta orain datorrena, noiz eta argia piztu eta guztiari izena jartzen dion momentuan. Hariak, joskintzak, hemen ehundu eta, aldi berean, marraztu egiten du. Multzoari begiratzen badiogu, aztertu egiten badugu, ez zaigu asko kostatuko diskurtso osoa lotzen duen ilban inplizitu bat aurkitzea, diskurtsoa lotzen duen hari bat, lotzen dituen bezala, nabarmen geratuta, makina libre, autonomo, eta fiktizioki independenteen zatiak.

 

3 Hariak ehuna erakartzen du, kateatu egiten du, irudi batean finkatzen du, berriz ere zeinu bilakatzen du. Eta hor geratuko da, gainera, lan zehatza, etxeko lana eta urte askotan emakumeek egin duten lana defendatzen. Haria, lerroa izaki, korapilatu egiten denean, gainerakoarekin nahasten denean, argudio, testuinguru, konspirazio bilakatzen da zeinua. Orduantxe itzultzen da makina hona, beste alde batetik ihesi, joskintzaren bitartez. Eta ulertarazten digu historia ere josi eta desjosi egiten dela, ia-ia beti modu tranpatian hari fin batetik tira eginez, eta, ulertarazten digu agian historiak ez duela behar inork kontatzea, inork kontsumitzea, eta ez duela inoiz deskantsatzen.  

Edu López, 2018 


    Erantsitako fitxategiak:
 
Lorik gabeko makina PDF [331Kbs.]



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz