KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

ZUMETA

 ZUMETA

 Uztailak 1- 29

 
ORDUTEGIA
Egunero: 11:00-13:30 /18:30-21:00


Joan den maiatzean Balerdi Berrikusten/Revisitando erakusketara elkarrekin egin genuen bisitan, harrituta utzi ninduen, berriz ere, Zumetak, ordura arte ikusi gabe neukan muraletako batekin. Mural hori, eraikuntza eta konposizio konstruktibistakoa, Irunen dago, Kale Nagusiaren bukaeran, hain justu, Gipuzkoa etorbidearekin bat egiten duen gunean. 1968an egina, murala gaur arte balio artistiko oso-osoarekin iritsi da, denborak aurrera eginagatik benetako arteak galtzen ez duen balio osoarekin, alegia.

Baina Zumetak, inertziaz jokatu eta kiribil berean jarraitu beharrean, erronka berriak hartzen ditu. Lehenago Oi! Bihotz, liburuaren abenturari heldu zion 38 serigrafiarekin, Usoa Zumeta alaba editore eta estanpatzailearekin batera. Serigrafia horiek argi islatzen dute Zumetaren mundu koloretsu, ausart eta erabat espresiboa. Ondoren muralak etorri ziren, teknologia berriak ondo ezagutzen zituela erakutsiz, bertsio digitalean, Ipad-arekin sortutako pinturak eginez, antzinako Suhiltzaileen Parkean, gaur egun Donostia 2016ren egoitza dagoen horretan. Eta orain, zer da-eta eskulturgintzari heldu eta bere sustraietara itzuli da (eta baditugu 70. hamarkadan egindako lanen eredu garrantzitsuak), hau da, Usurbilgo bertako zedrozko enbor handi horretara, herri horretan daukan tailer-estudio berrira, berritutako artista modura hasteko, berriz ere.

Eskultura horiek guztiak, bere pinturetan askotan leitmotiv bezala erabili dituen buru horiek, lurrean burdinazko egituren gainean agertzen dira, eta osatu egiten dute Gernika murala. 350 x 780 cm-ko obra hori 1999an egin zuen, eta kolore eta keinuagatik, oso pintura txundigarria da, eta gai honen inguruan euskal artean egindako erreferentzia garrantzitsuetako bat da, Gernikako bonbardaketaren ondoren, 1937an Picassok margotu zuen obraren atzetik. Picassok pintura hori margotu zuenez geroztik, euskal artista askok egin ditu obra horren inguruko lanak, eta Zumeta dugu horietako bat, eta fazeta ezberdinetatik egin du, hau da, pintura erabilita, marrazkia, eta 3Dan egindako Gernika: del lienzo a la pantalla dokumentalerako iturri ere erabili du, gerraren eta suntsiketen izugarrikeria azpimarratzeko asmoz.

Gaur egun, erakusketa honetarako, 200na kilo, gutxi gorabehera 85 cm-ko diametroa eta 110 cm-ko altuera daukaten bost pieza hauek egiten hasi da indartsu eta energiaz beteta Eneko semearekin laguntzarekin. Artistaren hitzetan “zedroa oso egur ona da, ia ez da irekitzen eta oso begi gutxi ditu”. Eta horrela sortu ditu bost buru hauek: gizon batena, zahar batena, emakume batena eta bi umerena. Pintura zuriz eta tonu beltz apal batean bukatuta, begiak nabarmen markatuta dituztela, buruan pitzadurak ikus daitezke, zaurien metafora modura.

Zumeta gustura dago esperientzia honekin, berriro ere ekin dion erronka honekin; izan ere, artearen akademiatik aparte, artista honek beti izan ditu beste kezka batzuk, zehazki Art Brut delakoaren inguruan, eta atentzio berezia eman izan dio, beti, Jean Dubuffet artista frantsesak, haurren pinturek, arte popularrak, etab.

Erakusketa honetako formatu handiko mihiseetan, garbi ikus daiteke Zumetaren estiloak, keinuak, emozioak eta kolore biziek ondorio bat dakartela: pintatzeko pasio eta pultsio ikaragarria. Zumetaren unibertso artistikoa oso eszenografia pertsonalez beteta dago, nabarmen gailentzen dira elementu fantastikoak, buruak, figurak, tramankuluak, grafia desberdinak, koadroak koadroen barruan, geometria eta ondulazio desberdinak, koloreari esker guztiak bildu eta forma bat hartzen dutelarik. Eta hori beti egin izan du: 1985ean kartoiekin izan zuen garai oparo hori dugu adibide, eta orain ere berdin dihardu. Argentinara egin zuen bidaian egin eta erakusketa honetan aurkezten dituen 20 tenpera horietan gauza bera gertatzen da: guk ikusle modura horren ondo ezagutzen dugun kolore eztanda dinamiko hori ikus dezakegu. Poza darie, kolorea eta pinturarekiko pasioa.

Ez da Zumetak azoka batean erakusketa jartzen duen estreinako aldia. Donostiako lehengo San Martin azokan, Erandiokoan edo Bilboko Erriberako azokan ere jarri izan ditu erakusketak. Zumetari era guztietako espazioak gustatu izan zaizkio erakusketak jartzeko: fabrika bat (Bilboko Uribitarte biltegia adibidez), pabiloi bat, Miarritzeko “Sainte Eugénie” kripta, Gumiel de Izaneko “Portia” bodega (Burgos), Evantoneko hangarra (Eskozia), etab.

Juan Luis Zumeta (Usurbil, 1939) sortzaile enblematiko eta garrantzitsuenetako bat da, ibilbide luzea du euskal artean. Sormenaren abentura magiko horretan murgildu zenez geroztik, behin eta berriro harritzen gaitu Zumetak bere obra serie desberdinekin, bizi izan dituen etapa sortzaile desberdin horietan: uztartuta eta nahastuta erakusten dizkigu figurazioa eta abstrakzioa.

60. hamarkadaren bukaeran eskultura interesgarri eta garrantzitsuak egin zituen: erliebe ezagunak, kolore-egiturak, pintura-potetik pintura zuzenean hartu eta egindako margoak. Hamarkada horretan lortu zuen bere etapa geometriko eta abstraktua. 70. hamarkadan, berriz, zeramikazko mural handiak egin zituen Usurbil, Pasai Antxo eta Irunen, eta, aldi berean, tartekatu egiten ditu etapa figuratiboa, eta, keinuz eta akzioz beteriko garaia ”Pollock-ena egiten”: informalismoa, abstrakzio lirikoa, 80. hamarkadako figurazio karikaturizatura eta kritika sozialera itzuli arte berriro ere. Horren ondoren, inoiz baino gusturago pintatu zituen kartoiak, garai ospetsu horretan. Eta 90. hamarkada zorabiagarrian, pinturarekin mural garrantzitsu eta handiak margotu zituen. Energia, espontaneotasuna eta emozioa ederki islatu zituen keinuan eta pasio sortzaile ikaragarri eta sutsuan, 2000 hamarkada osoan zehar.

Zumetaren ibilbide artistikoan ez dira ahaztu behar bere obra grafikoa eta paper gainean egindako obra, edo liburuetarako egindako ilustrazioak, kartelak, diskoetako eta poema-liburuetako karatulak.

Zumetak bere obra guztietan jakin du bere lengoaia artistiko pertsonala islatzen, bere bizitzako esperientzia irudi piktorikoetan adierazten, behin eta berriz bisitatuz artearen historia, eta horregatik, bere aurreko artista batzuk ekartzen dizkigu gogora: Picasso, Miró, Chagall, Klee, Kooning, Cobra taldea, Karel Apple, etb.

Besteak beste Bilboko Arte Museoan, Donostiako San Telmo Museoan, Vitoria-Gasteizko Artiumean, Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta Santiago de Chileko Museo de la Concordian ikus daitezke bere obrak.

Zumetaren obra piktorikoak bere biografiaren zatiak dira, ikonikoki kontatuta daude, pinturarekin, olio-pinturarekin, tenperekin. Zumetarentzat pintura eta artea bere benetako bokazioa dira, eta guretzat sekulako gozamena da berari jarraitzea hemendik aurrera zain dituen erronka guztietan barrena.

Eta... hemen gaude esentzia artistiko berri baten zain, edozein fazeta eta modalitatetan delarik ere!  

María José Aranzasti

 

 






Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz