KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

ARTE EDERREN IKASLEAK

 

ARTE EDERREN IKASLEAK

“21 urte, 21 artista. Xabier Saenz de Gorbearen omenez”

Ekainak 3 - Uztailak 10

ORDUTEGIA
Egunero: 18:00 - 20:00

Oroitzapen bat gogora ekartzen (melankoliarik gabe)

Karrera amaierako klasiko bat zen Arte Ederretako 5. mailako ikasleek urtero Zarauzko Sanz Enea kultur etxean egiten zuten erakusketa. Nik 1995ean hartu nuen parte orain gogoratzen ez ditudan arrazoiengatik joan ez nintzen erakusketa batean. Gogoan dut, ordea, zer lan bidali nuen: paper bat zen, gutxi gorabehera 170 x 100 cm-koa, non honako hau irakur zitekeen: “On échoue toujours à parler de ce qu'on aime” (beti kale egiten dugu maite dugunaz hitz egitean). Esaldi hori Roland Barthes-ena da, Manel Clot kritikariak (1956-2016) aipatutakoa, eta nire ondoan izan nuen karrerako azken urte osoan. Okre eta urre koloreko argizariekin egin nuen Barthesen aipu hori zeraman marrazki/testua, geruza baten gainean beste bat jarri, eta amalgama bat sortu arte. Goiko aldean bi pintzekin zintzilikatuta egon behar zuen paperak. Pasio desiragarrirako gonbitea egiten zuen grafiak. Garai hartan, eskultoriko eta testual artekoa zen nire jarduera; nolabait ere oraindik zehaztu gabeko idazketa modu bat. Urte batzuk beranduago, idazketa espresio-bide bihurtu zen, eta oraindik ere nirekin jarraitzen du.

Laurogeita hamarreko hamarkadan, ohikoa zen Arte Ederren Fakultatearen eta artearen "trama" profesionalaren artean lotura-guneak egotea, eta ez gutxi gainera. Garai hartan normala zen galerietara joatea, Arteleku edo antzeko zentroetan tailerrak egitea edo kultur etxeen sarean erakusketak egiteko harreman estuetan parte hartzea. Eta horri erantsi behar zaio arte gazterako egiten ziren deialdietan parte hartu eta obrak aurkezteko lehiakortasun frenetikoa: Gure Artea, Bizkaiko Artea, Ertibil eta gainerakoak. Garai hartan boladan zegoen "trama" artistikoaren kontzeptua; orduko pertzepzioa zen, arterako azpiegitura handirik gabe ere, eragileen antolaketa on batek eskain zezakeela lan egin ahal izateko testuinguru bat.

Xabier Sáenz de Gorbea (1951-2015) kritikari, historiagile eta Arte Ederretako irakasleak egindako lana erabakigarria izan zen "trama"1  hori osatzen. Hor sartu behar da, baita, Sanz Enean urtero egiten zen erakusketa. Arte kritika, dibulgazio eta antolaketaren arloan nekerik gabe eta pasioz beteta aritu zen lanean Sáenz de Gorbea. Inor ez zen hura bezala ibili herrien arteko eta bertako kultur etxeen arteko bideetan barna, une hartako euskal artearen bila, erakusketen sorkuntza eta tipologiak kontuan hartu gabe. Zarautz beti egon zen mapan.

 

Peio Aguirre


1  Ez nahastu "trama" hau Bilbon 1980an Arte Ederren Museoan egin zen euskal artisten erakusketarekin: La trama del arte vasco. Izenburu horrek keinu bat egin zion Juan de la Encinak (Ricardo Gutiérrez Abascal) 1919an argitaratutako liburuari. Sáenz de Gorbea eta beste artista batzuk publikoki adierazi zuten erakusketa honekiko zeukaten jarrera kritikoa.

  

Parte-hartzaileak:

    -Eduardo Sourrouille

   -Ignacio Saez

   -Iratxe Larrea

   -Iñaki Garmendia

   -Pilar Soberon

   -Richi-Txelu

   -Itziar-Jon Ander. Bigara

   -Olaia Miranda

   -Ohiana Garro

   -Elssie Ansareo

   -Carlos Irijalba

   -Zuhar Iruretagoiena

   -Nadia Barkate (Cristian)

   -Jon Otamendi

   -Laurita Siles

   -Edu Hurtado

   -Amaia Gracia

   -Maite Leyun

   -Igor Rezola

   -Mikel Ruiz Pejenaute

   -Julen Alberdi

   -Peio Agirre 



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz