KulturaZarautzwww.kulturazarautz.org
letra-tipo txikitu letra-tipo haunditu

AINIZE TXOPITEA

   AINIZE TXOPITEA

Abuztuak 7 - 31

ORDUTEGIA

Egunero: 11:00-13:30 /18:30-21:00

Ainize Txopitearen azken lanen antologia modura aurkezten da “Rituals of Love”. Erakusketak hainbat serie ditu, epigrafe bakar batean bilduta: maitasuna bereganatzeko beharra, baina ez munduari aurre egiteko defentsa modura, baizik eta munduarentzako defentsa modura. Zutabe panteista modura hartzen da maitasuna, sorkuntzaren aglutinatzailea, jatorrizkoa eta mendeetan aldatu gabea, eta horrenbestez kontra egiten diena gerora sortutako planteamendu monoteistei, zatitzaileei, patriarkatuaren jatorrizko sostenguari eta haren egitura menderatzaileei. Aipamena egiten die gaur egun “mitologia” primario deitzen zaien horiei, ia kultura guztietan daudenei –Mari edo Amalur aipa ditzakegu euskal kulturan–, baina sistema femenino ez-deista bati omenaldi lausoa eginez: orain, analista historikoek zalantzan jartzen dute lehen gizarte matristikoetan emakumea jainko mailan jarri zutela. Haien adierazpen eta “tenpluetan” nagusi dira emakume-irudi “ugalkorrak”, jarrera sentsualetan edo erditzeko posturetan daudenak. Horrek iradokitzen digu berez leku horiek zer ziren: botozko irudiak eta leku komunak, gure ospitaleen antzekoak; sorkuntza, maitasuna eta bizitza taldean ospatzeko lekuak. Emakumeari lurraz gaindiko izaera ematea izan zen hura menderatzeko lehen urratsa. Txopiteak argi eta garbi jasotzen du hori: bere collageetako batean, emakume batzuk ageri dira herri tribal batean. Etnozentrismoak “basati” izaera ematen die –gizarte “naturalak” gizarte “kulturalen” aurka jarrita–, baina artistak garbi adierazten du berdintasunezko mezu literal eta egokian: “We are animals”.

Komeni da Ainize Txopiteak artista modura orain arte egin duen ibilbidea azaltzea. Londresen trebatu eta arte grafikoetan espezializatu ondoren, poeta bisual eta ziberpoeta bezala egin zuen debuta mende hasieran. Irudiak eta hitzak elkarren ondoan ipintzeko tradizio operatibotik abiatuta (gerrarte garaiko grafiko, collage eta poesia esperimentuak, eta baita geroagoko egileenak, berrogeita hamarreko hamarkadatik laurogeiko hamarkadara, eta bere praxiarekin garaikideak diren Guerrilla Girls-en moduko kolektiboenak), Txopiteak hizkuntzak gehitzen ditu (esate baterako, pintura), narratiba bat definitzeko. Hor gurutzatzen dira bere esperientzia biografikoak, jarrera eta ikuspegi femeninoari buruz munduan egiten diren gogoeta orokor batzuk eta testuinguru horretatik abiatutako botere-hartze erreferentzial kontziente bat, oinarrizko kritika sozio-politiko-kulturalarekin batera: inposatutako edozein pentsamendu-sistemak bere bidean jar ditzakeen zailtasunak hautsi nahi dituen emakume artista batenak.

Maitasunaren adierazpen sosegatu baten itxura hartzen du erakusketa honek. Maitasuna izaki guztien ondarea da, sistema global orekatua, artistak aipatzen dituen erritualek elikatutakoa; gizakiak hasiera-hasieratik lagun izan duena eta planetako gainerako animalia eta landare espezieekin partekatzen duena; zientziak termino operatibo soilen bidez mugatu nahi duena –“estalketa-estrategiak”, “espezieen kontserbazioa”, etab.– konturatu gabe zein den bere existentziaren berezko esanahia: beraiek dira sistema, munduaren arrazoia, eta ez haren ondorioetako bat. Ideia hori guztiz subertsiboa da, aurre egiten diolako mendebaldeko pentsamendu-sistema linealari eta argi eta garbi defendatzen duelako gure espeziaren urrats kognitibo lehenak eta garrantzitsuak markatu zituzten beste sistema zirkular, espiral, ez-lineal horietara bueltatzea.

Guillermo Espinosa, komisario independentea eta kazetari kulturala.


    Erantsitako fitxategiak:
 
Katalogoa PDF [2405Kbs.]



Erabalitzaileen nabigazioaren analisia egiteko gure cookie-ak eta bitartekoenak erabiltzen ditugu. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilpena onartzen duzula hausnartzen dugu.
Hemen konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago lortu dezakezu.

www.dmacroweb.com - Creación de sitios web, portales, CMS, B2B, B2C, aplicaciones extranet / intranet
Copyright © 2008 Dynamic Macroweb & Design S.L. Eskubide guztiak babestuak.
DMacroWeb-ek eraikitako web orria DM Corporative erabiliz